Artium zentroak aurkezten du: ‘Ikonokrazia. Boterearen irudia eta irudien boterea Kubako argazkigintza garaikidean’

Erakusketak hogeita hamar bat artisten hirurogeita hamar bat obra biltzen ditu; jarrera desberdinak dituztelarik, bat datoz “Kubako Argazkigintzatzat hartu denari aurka egiten”.
Erakusketak bost atal ditu, beste horrenbeste gai lantzeko: uhartetasuna, nortasuna, utopia, ikonoen egungo interpretazioa, edo Kubako gizartearen oraina.
Ikonokrazia, Iván de la Nuez komisario delarik, Las Palmas-eko CAAM zentroarekin batera antolatua izan da; erakusketaren osagarri, bada zenbait hitzaldi Huarte Zentroan, San Telmo Museoan eta Bilbaoarte Fundazioan, bai eta mahai inguru bat Artium-en, non erakusketako zenbait artistak parte hartuko duen.

iconocracia artium
Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, erakusketa hau aurkezten du: Ikonokrazia. Boterearen irudia eta irudien boterea Kubako argazkigintza garaikidean. Erakusketak, argazkigintzaren inguruan, belaunaldi zenbaitetako Kubako arte egile zenbait biltzen ditu, nor bere biografiarekin, bere jarrera estetiko, bai eta politikorekin ere, baina denak bat datozelarik Kubatar Argazkigintzatzat onartu eta hedatu denari aurka egiten. Ikonografia hori irensteko gai izan dira, eta horrekin, irudi bat baino gehiago, bestelako iruditeria antolatu nahi izan dute, nork bere jarrera eta so bereetatik abiatuz. Ikonokrazia proiektua zenbait hitzaldirekin osatzen da ere, Arte Garaikideko Huarte Zentroan, San Telmo Museoan eta Bialbaoarte Fundazioan, bai eta mahai inguru batekin, Artium zentroan bertan, non erakusketaren komisario Iván de la Nuez eta erakusketan parte hartzen duten artistetako zenbait bilduko diren. Ikonokrazia elkarrekin antolatu dute Artium zentroak eta CAAM zentroak, eta babesle ditu Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, EDP, Euskaltel eta El Correo.

1957ko otsailean argitaratu zuen Herbert Matthews-ek The New York Times egunkarian mundu osoan oihartzuna izan zuen Kubako iraultzari buruzko lehendabiziko erreportajea. Sierra Maestran egin zuen, gerrilarriak borrokatu bitartean, eta kronika hari esker aitzindari bihurtu zen kazetaritzaren munduan. Lan hark mendebaldeko gizartea liluratu zuen, eta gerrilla-muimendu haren lider gaztea ezagutarazi zuen. Halakoa izan zen erreportaje haren eragina, Anthony Depalmak «Fidel Castro asmatu zuen gizona» esan baitzion Matthews-i liburu batean.

Errealitatea beste bat zen, ordea: bai erreportajea eta bai bertan agertzen ziren argazkiak ezin hobeto zetozen programa politiko jakin batekin, zeinak hasiera-hasieratik bere estrategia bi zutabetan oinarritu baitzuen: alde batetik historian, eta, bestetik, irudian. Horregatik, munduari begira, Kubako iraultzak inoiz ez zuen propagandarako atal baten beharrik izan, behar hori ondo aseta egon baitzen beti: nahiz Cartier-Bresson-en eskutik («mendearen begia»), nahiz Barbara Walters-enetik, Time egunkariaren aldetik edota CNN-renetik. Ez ziren gutxi izan lehen mailako kubatar argazki-erreportariak ere, hala nola, Korda, Corrales, Salas, Noval… Kubakoa izan zen telebista barra-barra erabili zuen bere erako lehendabiziko iraultza, eta beste herrialde komunistetan ez bezala, ez zuten estatua erraldoiek izan ikonografia ofiziala zabaltzeko eginkizuna, argazkiek baizik.

Tradizioa eta mitologia
Hori litzateke Ikonokrazia deitu dugunaren jatorria, hots, bere botereen artean argazki-irudien bidez iruditeria jakin bat goresteko boterea izan zuen gobernu-eredu bat. Eta horrek azaltzen du zergatik gero sortu zen kubatar arteak borroka egin behar izan zuen argazkigintza-tradizio erraldoi horrekin, haren mitologiarekin, eta baita diskurtso estetikoa eta mitoak kudeatu eta gainditzeko beharrarekin ere.

Horixe da, hain zuzen ere, Ikonokrazia erakusketan landu nahi dena, eta horretarako, zenbait belaunalditako kubatar artistak bildu dira argazkilaritzaren inguruan. Aniztasun biografikoa, estetikoa edota are politikoa gorabehera, gauza batek elkartzen ditu guztiak: Kubako Argazkigintza gisa onartu eta zabaldu denari erronka jo izana, hain zuzen ere.

Ez da lan erraza izan, kontuan izanda «argazkilari» berri horiek –komatxoek hitzaren erabilera gatazkatsuaren berri ematen dute– herri oso baten talde-iruditeriaren islada eta dokumentutzat hartu izan den tradizio ikonografikoarekin borrokatu behar izan dutela. Beraz, irudi nagusi horretatik askatzeko beharrezkoa izan zen beste estrategia batzuk erabiltzea (ikonoklastia, ikonofagia…), denbora berrien eskakizunekin bat zetozen iruditeriak bilatzeko.

Jatorriz, argudio hauek elikatu dituzten artelanek bi ideia dituzte elkarrekin: aurkezten duten begiradaren asmoa, eta tradizioarekin eten nahi izatearen tentsioa, desberdintasuna homogeneotasuna baino nahiago izatea, egia errealitatea baino nahiago izatea. Horrek ez du esan nahi proiektuan bildu diren artistek gutxiesten dutenik kubatar nortasunari buruzko aurreko diskurtsoetan nagusi zen ikonografia. Aitzitik, esan nahi du, ikonografia hori irensteko gai izan direla, bakoitzak bere jarreratik eta begiradatik abiatuta beste iruditeria bat sortzeko xede tinkoz.

Komeni da datu demografiko bat gogora ekartzea: bizirik gauden kubatar gehienok heroiak ezagutu zituzten super-heroiak baino lehenago (ikonoa baino lehenago, krazia), eta horrek trebakuntza berezi bat ematen du irudi garaikideak onartu, arbuiatu, eraiki nahiz irakurtzerakoan. Ikonokraziak eraikuntza- eta kritika-prozesu bat du gogoan, baina baita gestiozko eta digestiozko bat ere.

Ikusizko saiakera-lana
Erakusketa ikusizko saiakera-lan baten eran taxutu da, 5 kapitulutan banatua: Urezko kaiola, Gu-tik Ni-ra, Ez dago horrelako tokirik, Ikonofagia, Apoteosia. Horrez gainera, aitzinsolas bat eta gibel-solas bat daude.

Ikonokraziao lanak estetika «somatiko» baten araberakoak, ez hainbeste irudikapenezkoak: Gorputza da, eta ez gorputzaren irudia; hiria, eta ez hiriaren arkitektura; natura eta ez naturaren irudikapena; gizateria eta ez humanismoa jokoan dauden kontzeptuak; eta haiek gurutzatzen dira, modu gatazkatsuan, iraultza, demokrazia, aberria, erbesteratzea, nortasuna, indibidualtasuna, generoa, etnia, globalizazioa, eta abarren erako ideiekin.

Baina Ikonokrazia argazkilaritzaren mugak aztertzen dituen erakusketa bat ere bada. Horregatik bilatu da argazkilariaren begiradaren beste kokapen bat, eta argazkiaren gaitzat jo ohi denaren erabateko aldaketa. Hirurogeietako aurrekariek Agitprop delakoaren arauen menpean ezarri zuten argazkigintza; IKONOKRAZIAko artistek Agitprop hori artearen arauetan urtzea lortu dute.

Hori dagokie, XXI. mendean, Irudiaren Aro honetan, flash baten distira baino zerbait gehiago transmititzeko eginkizuna duten iruditeria-sortzaile batzuei.

Atalak
Atarikoa

Reynier Leyva Novoren Revolución una y mil veces lana oso egokia da erakusketaren sarrera egiteko. Liburu honek –nahiz zabalik, nahiz itxita– proiektuaren zero gradua adierazten du, hitz baten –hobeto esanda, hitzaren, ez baita edozein– errepikapenak duen eraginari eta ondoren datozen irudien eta iruditerien gain duen inpaktuari buruzko gogoetarekin. Erakusketa honi buruz aldez aurreko ideiarik balego, liburu honek uxatu egingo du eta IKONOKRAZIAren barrena aurreiritzirik gabeko bidaia bat egiteko prestatuko gaitu.

1. kapitulua. Urezko kaiola
Cristóbal Colónengandik hasi eta gure egunetara arte uhartetasuna argudio onargarritzat jo izan da kubatar nortasuna azaltzeko. Kontzeptu horrek obsesionatu egin zituen, besteak beste, Alexander von Humboldt, AntonioBenítez Rojo, Sartre eta Lezama Lima. Eta Virgilio Piñerak «alde guztietan ura izatearen egoera madarikatu» gisa definitu zuen. Baina uhartetasun ez da literaturaren kontua bakarrik izan. Gestio eta digestio asko behar izan dituen ikusizko ikonoa ere izan da.

2. kapitulua. Gu-tik Ni-ra
Joan den mendeko 60etan, kubatar iraultzaren zeregin artistikoaren estasia «Gu-tik Ni-ra»-ko iragaitzan gauzatu zen, kubatar pop artearen aitatzat jotzen den Raúl Martínezen esanetan. Adierazpen hori sakontasunez birplanteatzen da hemen. Are irauli ere iraultzen da, taldeko eskariak esperientzia pribatuetan somatizatuz, subjektibotasun berri bat eraikiz edota gorputza gizarte-aginduekiko erresistentzia-esparru gisa erabiliz.

3. kapitulua. Ez dago horrelako tokirik
Kuba Utopia gisa ikusi da sarritan, hala zentzu ideologikoan nola geografikoan, bai buruari dagokionez eta bai fisikotasunari dagokionez. Zenbait artistak, ordea, proiekzio hori beste era batera hautematen dute, Mororen, Baconen eta Campanellaren irudipenezko gizartearen idea sakon aztertuz. Horrela, herritik bertatik nahiz erbestetik –eta edozein egiazko nahiz fikziozko aberritik–, Utopiaren hitzez-hitzezko esanahira jotzen dute: «Ez dago horrelako lekurik». Jaberik gabeko espazio bat, uharte zoragarri edo perfektu batera ez garamatzana, baizik eta tuneletara, bunker-etara, jatorrizko herriaren erreprodukzio problematikoetara…

4. kapitulua. Ikonofagia
Kubakoa izan zen telebista hedatuki erabili zuen bere erako lehendabiziko iraultza eta, beste herri komunista batzuek ez bezala, ez zuen estatua erraldoirik behar izan ikonografia ofiziala zabaltzeko. Argazkia baliatu zuen horretarako, askoz modernoagoa, eramangarria… eta hartara ezkero eraitsi ezina. Mende erdi baino gehiago igarota, egitandi-argazki haien marka Kubaren ezaugarri estetiko gisa geratu da erretinan. Baina haren ondorengo argazkilaritzak tradizio horrekin borrokatu behar izan du, eta haren euskarri izan ziren diskurtso estetiko eta mito ideologiko, historiko, kultural eta urbanoak barneratu eta gainditu.

5. kapitulua. Apoteosia
Ez Utopiarik eta ez Apokalipsirik. Garai hauek zerbaitek definitzen baditu, Apoteosiak definitzen ditu, hain zuzen ere. IKONOKRAZIAren azken kapituluan ez gaude etorkizunaren zain, eta hori arrazoi sinple batengatik: jada hemen dagoelako eta gaur daukaguna delako. Etorkizun «orain» horretan antzinako ikonografia iraultzailea eta askotariko gizarte baten ikonografia elkarrekin bizi dira, orobat diskurtso ideologikoak eta senideek bidalitako dirua, norbere kontuko negozioak eta erretorika sozialista, jaia eta eginbeharra, ilusioa eta txirotasuna, uhartea eta erbestea ere.
Hogeigarren mendearen 60etako kubatar bidea eta XXI. mendeko txinatar eredua.

Gibel solasa. Pizkundea
Kubatar bidearen –iraultzaren garaipenarekin 1959. urtearen hasieran sortua– eta egungo eredu askotarikoaren artean laburbil daiteke mende erdiko historia baten ikonografia. Hori lortzen du Lázaro Saavedrak PM dokumental mitikoa –Iraultzaren hasieran zentsuratua– bereganatu eta egungo migrazioaren drama batekin nahastean. Utopiaren eta regetonaren artean gertatzen da gibel-solas hau, etorkizunari irekitako proiektu bat uzten digula. Hots: orainari.

Artium_VG_fondoMC_MC
www.artium.org

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s