Emakumeek egindako Zinemaren Karabana etxeetan sartuko da online

Emakumeek egindako Zinemaren 9. Karabana, ‘Zinemagileen artean’, maiatzaren 4an hasiko da, edizio berezi batean. Izan ere, egungo itxialdia dela eta, Kultura Communication y Desarrollo KCD GGKEk bultzatzen duen zine konprometitua online sartuko da etxeetan.

5 jardunaldi izango dira, maiatzaren 4tik 8ra, eta bertan mundu osoko 5 emakumek zuzendutako 5 film ikusi ahal izango dira. Aurten, gainera, ustekabe atsegin batzuk egongo dira; izan ere, ‘Zinemagileen artean’ zikloak bi film labur eta ‘Emakume mugituentzako partaidetzako bideo-tailerra’ren emaitza ere eskainiko ditu. Ikus-entzunezko 8 lanak irekian ikusi ahalko dira NIREStream plataforman.
Honako hauek ikus ditzakegu bederatzigarren edizio honetan: Grezian tomateak hazten, Wagnerren musikak lagunduta; arrain-hazkuntza saharar errefuxiatuen kanpalekuetan; Aljeriako independentzia-gerraren sekretuak; Frantziako langile batzuk euren fabrikaz jabetzen, lanpostuari eusteko; Brasilgo ikasle-mugimendua hezkuntza publiko hobea eskatzen; Mexiko eta Montreal bitarteko bidaia klandestinoa; eta iaz Laudion egindako Emakume mugituentzako partaidetzako bideo-tailerraren emaitza.
Zuzendariekin egin ohi diren foroak ere online izango dira. Egunero, 18:00etatik aurrera, zuzeneko saioak burutuko dira. Ikusleek emakume horien obra eta lana sakonago ezagutzeko aukera izango dute.
Emakumeek egindako pelikulak erakutsi eta nabarmendu nahi ditugu, beste urte batez, eta emakumeak zinemagintzaren esparruan sartzea sustatu. Klaketa Árabe ekoiztetxea du lankide KCD GGKEak Karabana hau egiteko, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Bizkaiko Foru Aldundia ditu laguntzaile.

Film sarituek osatutakoa
Ikusi ahalko diren pelikulak hurrengo hauek izango dira: When Tomatoes Met Wagner (Marianna Economou), In Mansoura you separated us (Dorothée Myriam Kellou), Taste of Hope (Laura Coppens), You(r) Turn (Eliza Capai) eta Josephine Baker-The Story of an Awakening (Ilana Navaro). Horrez gain, Sólo son peces (Paula Iglesias y Ana Serna) eta Just Me and You (Sandrine Brodeur-Desrosiers) film laburrak eskuragarri egongo dira, baita Emakume mugituentzako partaidetzako bideotailerraren emaitza ere.
When Tomatoes Met Wagner (Marianna Economou)
Hainbat aldiz saritua, lan hau Oscar Sarietako ‘Atzerriko film onenaren’ atalean partehartzeko hautatu zuen Greziak. Ospe handiko zenbait jaialditan parte hartu du, Berlinalen, besteak beste. Istorio gazi-gozo honek krisi-garaian berrasmatzeak eta giza harremanen botereak duten garrantziaz hitz egiten du.
In Mansoura you separated us (Dorothée Myriam Kellou)
Europa eta Ekialde Ertaineko jaialdietan zehar egindako ibilbide luzeko dokumental honek Aljeriako independentzia gerran milioika pertsonak indarrez kanporaketa kontatzen du.
Taste of Hope (Laura Coppens)
Zenbait sari dituen film luze honek langileen kontrolpean dagoen Frantziako fabrika bat erakusten du. Jabeak izatea lortu ondoren, merkatu lehiakorrari egin beharko diote aurre.
You(r) Turn (Eliza Capai)
Atlantikoaren bi aldeetan saritua izan den lan honek Brasilgo ikasle mugimendua erakusten du bere konplexutasun osoan, 2013ko protestetatik Bolsonaro aukeratua izan zen arte.
Josephine Baker – The Story of an Awakening (Ilana Navaro)
Josephine Baker lehen superizar beltzaren istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoa.
Just Me and You (Sandrine Brodeur-Desrosiers)
Berlinale, Regard, Sapporo edo Rhode Island bezalako jaialdietan saritutako film laburra. Aitak eta alabak elkarrekin Montreal eta Mexiko artean egiten duten bidaia klandestinoa erakusten du.
Sólo son peces (Paula Iglesias y Ana Serna)
Iazko Zinebian saria lortu zuen lana honek biologiako 3 lizentziaturen borroka erakusten du. Emakume horiek aurrera atera behar dute basamortuan zabaldutako arrain-haztegi bat. Aljeriako sahararren errefuxiatu kanpamenduetako milaka pertsona arrainez hornitzea dute helburu.

Emakume mugituentzako partaidetzako bideo-tailerra
Sormen-prozesuaren barruan, partaideek film laburraren gidoia idatzi dute, filma bera filmatu dute eta baita editatu ere. Lan horren hedapenak elkarrizketa eta elkarrekintza bultzatzen ditu, eta emakume parte-hartzaileak eta herritarrak ahalduntzen ditu, Komunikaziorako eskubidea gizarte-eraldaketarako tresna gisa erabil dezaten.

www.kcd-ongd.org